2023-2024 ikasturtean, Zaldibia Herri Hezitzailea ikuspegia osatu eta hau sustatzeko foroa sortzeko prozesua burutu genuen. Txatxipilurdi Elkartea izan genuen bidelagun eta haurrek, nerabeek eta helduek osatu zuten ibilbidea, Herri Ametsaz hitz egiten hasi eta ekintza zehatzetan lurrartu arte.
(Atxikitzen da ibilbidea pausoz pauso azaltzen duen irudia, Txatxilipurdik egina).
Herri Ametsa zehaztuta eta Herri Hezitzailea Zaldibian sustatuko duen talde eragilea osatuta, bi ekintza zehatz jarri dira martxan 2024-2025 ikasturtean:
HAURREN UDAL LIBURUTEGI TXOKOA EGOKITU ETA IPUIN KONTAKETA HERRIKOIAK:
Ipuin-kontaketa saioak hilabeteko azken asteazkenetan izaten dira, 17:00etan hasita. Ipuin kontalariak herriko hainbat elkarte eta eragiletan parte hartzen duten zaldibiarrak dira, baita norbanako bolondresak ere. Ahozkotasuna da egitasmoaren ardatza, eta formatu irekia du LH2ra arteko haurrentzat.
Ipuin kontaketak Karreane Kultur Etxeko beheko aretoan auzolanean egokitu den Haur Liburu Txokoan egiten dira. Gune hau irekita dago udal liburutegiaren ordutegian (al-or 14:00-18:30era) eta erabiltzaile egiten direnek dute sarbidea, 0 urtetik LH2.mailara arte, eta beti arduradun batekin sartuta.
Liburutegian orain arte ez da haurrek familiekin liburuak bertan irakurtzeko gunerik egon eta honekin horri erantzuna eman nahi izan zaio, irakurzaletasuna, ahozkotasuna eta familia-haur / haur-haur harremanak sustatzearekin batera.
JOLASA PLAZARA EKIMENA:
Jolasa plazara ere hilean behin antolatzen da, hileko 2. ostiral arratsaldeetan, 17:00etatik 18:30era artean normalean. Ekimen honetan, Herri Hezitzailearen gurditxoa ateratzen da plazara eta herri eragile/talde batek jolasak dinamizatzen ditu plazan.
45-60 minutuko saio gidatua egiten da hainbat jolas proposatuz, eta gero beste orduerdian edo gurditxotik ateratako material ezberdinekin jolas librerako aukera ematen da.
Haur txikienentzat txiki-gunea jartzen da material ezberdinekin.