Su txikian, bileraz bilera, Ibarra herri hezitzaileagoa izan dadin lanketa komun bat egiteari ekin diogu elkarlanean. Arlo eta helburu desberdinetako kideak izanagatik, askotan kezka, ezin eta poz berdinak ditugula ikusi dugu, eta aurrera begira lanketa horretan jarraitzeko konpromisoa hartu dugu.
Hezkuntza bere modu zabalenean ulertuta, herri mailako elkargunea artikulatzeko eta ezaugarritzeko lau lan saio burutu ditugu. Ibarra Herri Hezitzailea izena jarri diogu elkarguneari, eta Ibarra hezitzaileago baterako zorua adostu eta hezkuntza eragile ezberdinen arteko estrategia partekatu bat eraiki dugu. Ibarrako hezkuntza komunitatea saretzeko eta herri moduan, hezkuntzarako estrategia bat adosteko.
Ibarra Herri Hezitzailea lan talde irekia da eta herriko edozein eragile animatzen dugu bertan parte hartzera. Momentuz eragile hauek osatzen dugu lan taldea: Udala, Uzturpe Ikastola, osasun etxea, Nura Gizarte Hezitzaileak, Gaztezulo, Zugatik Gugatik, UEMA, Galtzaundi, Oinherri eta Txiribitu Aisialdi Taldea. Udalak eta Oinherri herri hezitzaileen sareak elkarlanerako duten hitzarmenaren baitatik sortu zen abiapuntua eta Oinherri da lanketan bidelagun.
Herriko hezkuntza arloaren argazki bat egitea izan da lan talde honen lehen pausoa. Ibarra Herri Hezitzailearen indarguneak eta ahulguneak identifikatuz, eta erronkak lehenetsiz.
Ibarrak herri hezitzaile moduan sustatu nahi dituen balio hezitzaileak adostu ditugu:
- Herri anitza, berdintasunean hezten duena eta feminista
- Herri zaintzailea, jasangarria
- Parte hartzailea
- Euskalduna
- Herri identitatea, pertenentzia sustatzen duena.
Elkargunea koordinaziorako eta elkargunerako gune izatea lortu nahi da. Baina orain arteko egindako lanketaren baitan, hitz egindako eta hausnartutakoaren ondorioz, datorren ikasturterako erronka berriak adostu ditugu. Hala, herri mailan, ertz eta maila desberdinetatik hezkidetza lantzeko erabakia hartu dugu eta horretarako plangintza partekatu bat osatzen ari gara.