Haurtzaroaren/Nerabezaroaren kultura eta parte-hartzea

Pasaiako Eskubidean planaren baitan, haur eta nerabeen partaidetza sistema sortu zen 2018an. Sistemak, planaren honako ildo estrategikoari erantzuten dio: Pasaiako herrian haurren eta nerabeen partaidetza bultzatzea; adingabeak subjektu politiko bihurtu, adingabeak herriaren garapenean txertatu eta Pasaiako herrirako zer proposamen eta iritzi dituzten aintzat hartzea.

Sistemaren sorrera eta Udalaren konpromisoa:

Pasaiako Udalbatzak 2017ko azaroaren 28ko bilkuran aho batez onartu zuela haurrek eta nerabeek parte hartzeko organoa formalki sortzeko akordioa. Pasaiako haur eta nerabe guztiak ordezkatzen dituen organoa da, udalari kolektibo horren iritzi, behar eta zalantzen berri emateko ardura duena; eta baita alderantziz ere. Bertako kideek udal politiketan zuzenean hartzen dute parte, eta Udalak legezko subjektu gisa hartzen ditu, haiek egiten dituzten proposamen eta iritziak aintzat hartuz.

Nola ulertzen dugu Eskubidean planeko eragileek haur eta nerabeen part-hartzea?
Hauxe da 2020an eragile guztiok gaiaren inguruan egindako mintegi-prestakuntza saio batean adostutako definizioa:
Pasaiako Udalarentzat parte hartzea prozesu dinamiko eta integratzailea da, haur, nerabe eta gazteen komunitate antolatu eta ahaldundua lortu nahi duena. Eraikuntza kolektiboan eta lankidetzan oinarritutako prozesua, pertsonen adina edo egoera kontuan izan gabe, guztien ahotsa entzun eta kontuan hartzen duena.
Haurrak, nerabeak eta gazteak eskubide osoko subjektu politiko gisa ulertzen ditugu, ikuspegi propioa dutenak eta PASAIAren definizioaren eta eraldaketaren parte izan daitezkeenak eta izan behar dutenak. Horregatik, Pasaiako Udalak pixkanaka beraien parte-hartze aktiboa bultzatu nahi du, bere zereginaren eremu guztietan, eta baliabide eta tresna egokiekin, parte-hartze autonomoko hainbat espazio eta estrategia abian jartzea du helburu.
Modu laburrago batean adierazita: Komunitate antolatu eta ahaldundu bat lortzeko prozesu dinamiko eta inklusiboa. Eraikuntza kolektiboan eta elkarlanean oinarrituz, pertsona guztien ahotsa entzun eta kontuan izanik, eraldaketarako subjektu politikoak eraikiko dituena.

Parte hartze sistemarekin ondorengo helburuak lortu nahi dira:

  • Haurren eta nerabeen hitza, sentimenduak eta bizipenak entzuteko espazioa eta baldintzak sortzea.
  • Beraien beharretatik eta nahietatik sorturiko proposamenak autoantolatzea.
  • Udalaren proposamenetan haur eta nerabeen iritzia jasotzeko espazioak ahalbidetzea.
  • Herriko edota barrutiko proiektuak edota proposamenak ezagutzeko kanalak eraikitzea.
  • Beraien kezka iturri diren gaien inguruan galderak egiteko espazioak eta moduak sortzea.

Partaidetza sistemaren antolaketa:
Sistema herriko hiru ikastetxeetan dago errotuta egun. Ikastetxe bakoitzean, LH zein DBHko ikasleek osatutako taldeak daude. Era berean, ikastetxe bakoitzak koordinaziorako gune bat dauka.
Egun, 7 talde ditugu guztira. Talde horien dinamizazio lanetan udaleko teknikariak eta ikastetxeetako irakasleak aritzen dira. Hilean saio bat egiten da talde bakoitzarekin (urritik ekainera bitartean).
Ikastetxeetako koordinazio guneetan ikastetxeetako irakasleak eta udal teknikariek parte hartzen dute. Gunearen helburuak dira ikasturtearen plangintza diseinatzea, taldeen antolakuntza eta dinamika zehaztea, saioen jarraipena egitea…

Saio horiez gain, ikasturtean zehar hainbat momentu ditugu zehaztuta:

  • Saio bateratua (ikastetxeetako talde guztietako partaideak elkartzen dira. Elkar ezagutu eta ikastetxe bakoitzean lantzen ari direna partekatzen dute; horrez gain, udaleko teknikari eta politikariekin gai desberdinen inguruan eztabaidatu eta hausnartzeko tartea izaten da.
  • Proiektuak gauzatzeko ekintzak ikasturte amaieran.

Eskoletako partaidetza sistema prozesu modura ulertzen dugu.

Eskolez gain, haur eta nerabeen partaidetza herriko eragile eta udal zerbitzuetan txertatzeko lanketa egiten da.

Proiektu mota

Scroll to Top