Haurren Batzarrak: Haurren Benetako Parte Hartzea Sustatzeko Apustua Baztanen

Herria hezitzaileagoa bihurtzeko asmoarekin, herritik eta herriarentzat sortzen eta garatzen diren erronkak haurrei bideratuta daude sarri. Biztanleria osoa kontuan hartzea ezinbestekoa da, komunitatean bizi eta herri hezitzailea izan nahi badugu. Baina, nork hartzen ditu herrian aldaketak aitzinera eramateko erabakiak? Ez al dira gehienetan helduaren begiradatik egiten? 

Haurrek aunitz dute errateko eta egiteko, haien ondoan egoteko prest dagoen heldua bertzerik ez dute behar. Herria osatzen duen pertsona oro baita herria deitzen dugun hori. Herritar guztiek badute zer errana eta erran nahi duten hori adierazteko eskubidea. Haurtzaroan arreta jartzea, beraz, erronka handia da.

Ildo horretatik, duela urte batzuk haurren partaidetza eta protagonismoa birpentsatzen hasi gara Baztanen. Eta, hala, haurren bizi behar oinarrizkoak (iraupena, zentzua, trebetasuna, harremana, autonomia eta segurtasuna) zeintzuk diren ahaztu gabe, haurrei protagonismoa eman eta herrian parte hartzeko bideak jarri ditugu martxan azken hilabeteetan. Herri bakoitzaren errealitatea eta baliabideak kontuan izanda, herri bakoitzeko ezaugarrietara moldatutako parte hartze konalak sortu ditugu, denak baliozkoak.

Azken urteotan pauso franko eman dira: kanpo espazioak eraldatu izan dira haurrekin elkarlanean, herriko bestak antolatzerako orduan haurren eguna antolatu dugu, udako zinemak antolatu ditugu, herrian ikusten dituzten gabeziak haiekin landu ditugu… Bide luzea dago oraindik,, baina pausoka-pausoka aitzinera doa bailara. Norabidea finkaturik dago jada!

Haurren ondoan egon, esaten dutena kontuan hartu eta haurrei protagonismoa emateaz gain, beste proiektu edo erronka batzuk esku artean ditugu eta honekin jarraituko dugu bidea. Orain dela hiru urte emandako hasierako urratsek forma hartzen jarraitzen dute. Hau hasiera bakarrik bada ere bide luze eta mamitsua dator aitzinetik!

Proiektu mota

Scroll to Top