G(H)AURKI sortu dugu, herrietan haurren parte-hartze kanal iraunkorrak sortzeko tresna

Herrietan haurren parte-hartze kanal iraunkor eta malguak sortzeko tresna digital eta kolektibo berria da G(h)aurki. Sei modulutan, parte-hartzearen diskurtso amankomuna, herriko haurren parte-hartzearen diagnosia, haurtzaroaren mapatzea, metodologia, heldu bidelagunaren rola eta komunikazioa lantzen ditugu.

G(H)AURKI tresna garatu dugu Oinherritik, tresna digital eta kolektibo bat, herrietan haurren parte-hartze kanal iraunkorrak sortzea helburu duena.

Sortu dugun tresna hau edozein udalentzako erabilgarria izatea da helburua. Tokian tokiko hezkuntza eragileak inplikatuz, bertako baliabideekin, herrietan haurren parte-hartze kanal iraunkorrak sortzeko metodologia/prozedura bat biltzen da bertan. Haurtzaroaren kulturatik (bir)pentsatutako parte-hartzearen marko teorikoa abiapuntutzat hartuz, herrietan bestelako kanal parte-hartzaile batzuk sortu nahi ditugu. Jolasa, ludikotasuna, mugimendua, sormena… kontuan izango dituen kultura parte-hartzaile berri bat sustatzeko.

Haurrak gure jendarteko kolektibo zaurgarrienetako bat dira, eta euren parte-hartzearen bidez, euren ahalduntzean eragin nahi dugu. Jendartean kolektibo moduan aitortzen dizkiegun eta berez dituzten eskubideen inguruko hausnarketa bat sustatuz. Haurren parte-hartze sozialetik, parte-hartze protagonikora jauzi kualitatibo bat ematen lagunduko duen tresna bat osatu dugu.

Tresna honek bertako instituzio/eragile ezberdinen arteko saretze bat ahalbideratzen du. Herrietan udalak, ikastetxeak, hezkuntza ez formaleko eragileak eta herrigintzakoak elkarrekin haurren parte-hartzean inplikatuz.

Eta ziur gaude hau aukera ederra izan daitekeela bestelako kolektiboekin parte-hartzea sustatzerako orduan. Haurtzaroaren kulturako ezaugarri eta beharrak kontuan izango dituen parte-hartzeko kultura berri batek, bestelako ahots eta gorputz batzuen parte-hartzea bermatuko duelako. Orain arte parte-hartze prozesuetan ausente zeuden kolektiboei parte-hartzeko aukera berri bat eskainiz. Haurtzaroaren kultura, kultura eraldatzailea izan daitekeelakoan gaudelako. Haurren parte-hartzea politika publikoak eraldatzeko gakoa izan baitaiteke.

Sei moduluz osatutako Moodle plataforma da tresna. Sei moduluetan, parte-hartzearen diskurtso amankomuna, herriko haurren parte-hartzearen diagnosia, haurtzaroaren mapatzea, metodologia, heldu bidelagunaren rola eta komunikazioa lantzen ditugu. Modulu bakoitza lau atalez osatuta dago: hausnartu, elkarbanatu, ekin eta erabaki. Atal bakoitzak funtzio bat betetzen du helburuak betetzera bidean.

Ibilbidea

Duela bi urte, sei hilabeteko prozesu baten emaitza gisa eta askotariko eragileekin elkarlanean, “Parte-hartzea haurtzaroaren kulturatik (bir)pentsatzen” lan-txostena garatu genuen, herrietan haurren parte-hartzea garatzeko behar bat zegoela ikusita. Argi genuen lan-txosten horrek ezin zuela liburuxka soil bat izan, eta lan-txostena herrietan esperimentatzeari ekin genion, lan-txosteneko kapituluak eta dinamika parte-hartzaileak uztartuz. Lau herritan bost saio egin genituen eta, prozesu horri esker, Segurak, Oiartzunek, Itziarrek eta Hernanik haurren parte-hartze kanalak diseinatu dituzte.

Herri Hezitzaileen Sarearen barruan haurren parte-hartzearen inguruan zetorren olatuari erantzun asmoz, herri guztientzako baliagarria izango zen erreminta garatu nahi genuen, lan autonomia eta zuzendua uztartuko zituena, eta horren emaitza izan da G(H)AURKI.

Herrietan Herri Hezitzailea ordezkatzen duten hiru hankez osatutako taldeak sortzea da asmoa eta, elkarrekin, era kolektibo batean, ikastaro digitala jarraitu eta ikasturte bateko epean, kanalak diseinatuta izatea. Aurrerantzean, beraien kabuz garatu ahal izango dituzte herriek haurren parte-hartze kanal iraunkor horiek.

Beste berri batzuk

Scroll to Top