Haur eta Nerabeen Kontseilua: 2022tik martxan ditugu bi kontseilu. Alde batetik, Umeen Kontseilua (LH3-LH6) eta, bestetik, Nerabeen Kontseilua (DBH). Kontseiluetan ume eta nerabeak dira protagonista.
ZER DA?
- Ume eta Nerabeen kontseilua: KONTSULTARAko organoa da; herriaren kudeaketarekin zerikusia duten gaiei buruzko beraien ikuspegia lantzen da.
- Ume eta nerabeen partaidetzarako modu zuzen eta esanguratsuenetakoa da, baina batez ere arduradun politikoentzako ikasketa prozesua da aniztasunarekiko ulermenean eta harremanean.
- Kontseiluaren bitartez, Alkateak eta zinegotziek beraien komunitateko haur eta nerabeei AHOLKUA eskatzen diete.
- Proposatzen diren gaiak Alkateak edo zinegotziek helarazten dituzte eta umeek eztabaidatu egiten dute, ezagutzen eta kezkatzen dituzten gaiei buruz, desegokia edo bidegabea iruditzen zaiena salatuz, ideia berriak proposatu eta landuz… Gainera udal nahiz herri mailan, unean une, lantzen ari diren proposamenak dira bertara eramaten direnak; aktualitateko gaiak alegia eta herriaren eraldaketan indarra dutenak.
- Kontseiluan EZ DA BOZKETARIK EGITEN, ideia eta iritzien aniztasuna da Kontseiluak udal ordezkariei eskaintzen dien aberastasuna, aniztasunaren aldeko hautua da, edozein ideiak lagundu baitezake begirada aldatzen.
KONTSEILUAREN HELBURUAK:
- Haur eta nerabeek herriaren arazoei eta hobetzeko proposamenei buruz helduei aholku ematea.
- Haur eta nerabeak herrigintzan eta udalgintzan inplikatzea.
- Udal politika eta herrigintzan haur eta nerabeen iritzia nahiz ikuspegia kontuan hartzea.
NOLA FUNTZIONATZEN DU:
- 2 kontseilu daude. Bata, haurrena: 8-11 urte bitartekoak, LH 3-6. Bestea, berriz, nerabeena: 12-16 urte bitartekoak, DBH 1-4.
- Parte-hartzaileak: Alkatea eta haur-gazte saileko zinegotzia; Haur eta nerabeak (bakoitzean, maila guztiak ordezkatuz, 12 kide); udaleko teknikari bat eta dinamizatzaileak.
- Kurtso baterako konpromisoa izaten dute parte-hartzaileek, borondatezkoa da eta kurtso hasiera guztietan talde berria eratzen da. Gainera garrantzia ematen da, kideak ez errepikatzeari eta ahalik eta haur-nerabe gehien bertatik pasatzeari.
- Kontseiluaren bilerak: Ikasturte bakoitzean 3 bilera egingo ditu kontseilu bakoitzak. Bilerak goizean egiten dira, eskola-orduetan. Bileren iraupena ordu eta laurden haurrena eta ordu eta erdi nerabeena.
- Kontseilu bakoitzaren aurretik, kontseilukide guztiekin eta beraien gelako kide guztiekin aurre lanketa bat egiten da, tutoretza orduetan eskolan bertan. Kontseilu bakoitzaren ostean, kontseiluan landutako gairen batean sakontzen da berriz ere eskolan kide guztiekin batera.
- Urte hauetan zehar gai ezberdinak landu dira kontseiluen bitartez: Herriko jaiak, Liburutegiaren eraldaketa prozesua, Gune publikoen eraldaketa urbanistikoa, beraiek ekarritako proposamen eta ekarpenak…