Gure 7 oinarriak
Zazpi oinarri ditu hemen proposatzen dugun ereduak. Zazpi oinarri horiek elkar elikatzen dute, elkarrekin garatzen dira, eta elkarri aberasten diote, eta, proposamen koherente eta osoa egin ahal izateko, zazpiek halabeharrez elkarrekin joan behar dutela uste dugu. Horiek kontuan izanik, horrela formulatu ditugu gure lan-eremua eta xedea:
Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren eta nerabeen kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei zein nerabeei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea.
Haurtzaroaren eta nerabezaroaren kultura
Haurtzaroaren eta nerabezaroaren kulturaz hitz egiteak zera onartzea dakar: haurrek/nerabeek beraien modu etiko, estetiko eta poetikoa dute mundua ikusteko, eta gai dira euren bizitzari eta existentziari zentzua ematen dioten hipotesiak, teoriak eta metaforak eraikitzeko. Jaiotzetik gara erabakitzeko gai, eta beraz, jendarteko kide aktibo gisa ulertu eta onartu behar ditugu haur zein nerabeak.
Haurrek mundua ulertzeko duten tresna jolasa da; hain zuzen ere, jolas aske eta espontaneoa erabiltzen dute haurrek, mundua ezagutu eta ulertzeko, eta biziraupenerako. Jolasak askea izan behar du, arriskatzeko eta aurkikuntzarako bidea eskaini behar du. Jolasa askatasunez arriskatzeko gozamena da.
Nerabezaroa, besteak beste, nortasuna eraikitzeko etapa da; mundua zein norbere burua deskubritzen jarraitzeko garaia da. Eraikuntza horretan ezinbestekoa da nitasun hori besteekin elkarrekintzan garatzea. Nerabezaroarekiko begirada positiboa garatzea beharrezkoa izango da, bizitzako etapa garrantzitsu hori bizigarriagoa izan dadin.
Benetako parte-hartzea eta erabakitzeko ahalmena
Parte-hartzeak aparteko ekintza puntual bat izateari utzi behar dio, eta jendartea eraikitzeko eta bere identitatea definitzeko tresna izan behar da, egunerokotasuneko funtzionamendua eraldatuko duena.
Norberari eta komunitate osoari eragiten dioten erabakietan komunitate osoa hartu behar da kontuan. Parte-hartzeak komunitatearen antolaketa eta funtzionamendua hobetzen du, baita norbanakoen segurtasuna handitu ere, iritzia eman eta entzun izanak autoestimua igo eta berriro ere parte hartzeko nahia handitzen duelako.
Haurtzaro/nerabezaroaren kultura abiapuntu gisa hartuta, haurrak/nerabeak aintzat hartuko dituen partaidetza kultura hedatu nahi dugu, herria/auzoa norabide horretan kokatzeko eta komunitate izaera sendotzeko helburuarekin.
Izan ere, haurrak/nerabeak jendarteko subjektu aktibo gisa ulertzen hasten garenean, ahulena indartu, eta jendartean bazterrean dauden kolektiboen egoeraz (emakumeak, hirugarren adinekoak, etorri berriak…) ohartzen hasi ahalko gara.
Aisia hezitzailea
Haur eta nerabeentzako aisiak, eta berdin helduentzakoak ere, balio hezitzaileak ekarri behar ditu berekin, bai edukietan eta baita egiteko moduetan ere. Aniztasunaren errespetua, parekidetasuna eta aukera berdintasuna dira horietako hiru; eta laugarrena, bestearen onarpena, elkarbizikidetasuna. Oinarrizko eta abiapuntuko balio gisa hartzen ditugu horiek.
Balioetan oinarritutako aisialdia lantzeak aisialdi eredu ez merkantilista garatzea esan nahi du guretzat. Herritar guztiei eta tokian tokiko behar, nahi eta asmoei erantzun behar die, bertakoek eta bertarako diseinatuta egon behar dela uste dugu.
Horrekin guztiarekin, hezkuntzaren eremu zabalean hezkuntza ez formalari eta informalari ere tokia egin nahi diegu, eta hezkuntzaren ikuspegi integrala aldarrikatu. Hezkuntza prozesu iraunkorra da gure bizitzetan eta horretan eragile ugarik parte hartzen dute, beraz, hezkuntzaren ardura guztion artean partekatzen hasteko garaia dela diogu. Herria, eta herritar guztiak, eragile hezitzaile eta hezkuntza proiektu komunitario bateko partaide potentzial gisa ulertzen ditugu.
Euskalduna
Euskarari balioa emanez, txikiari protagonismoa emanez, herrietako eta tokian tokiko hizkuntza aniztasunari aitortza egiten diogu, baita Euskal Herriko zein herri bakoitzeko errealitate zehatzari ere. Euskara indartzeak ez dakar beste hizkuntzak galtzea, kontrakoa baizik: hizkuntza gutxituaren alde egiten den oro hizkuntza guztien aldekoa da.
Euskara eskolarekin eta derrigortasunarekin lotu izan da, eta, ondorioz, erdarak hartu du kaleko espazioa. Horri buelta eman behar diogu, kaleetan euskaraz gozamenez bizitzeko aukerak sortuz, eta euskara balio hezitzaile ireki gisa onartuz.
Aniztasunean berdin eta parekide
Komunitategintza egiteko lehen oinarria aniztasuna onartzea da. Askotarikoak gara arrazan, generoan, hizkuntzan, adinean… Baita, ondorioz, gurutzatzen gaituzten hainbat zapalkuntzatan ere. Jendartea geroz eta askotarikoagoa den heinean, gure arteko loturak, korapilo eta gurutzaketak askotarikoagoak dira, intersekzioan bizi gara.
Aniztasuna aberastasuna da, eta aberastasun gisa ulertu behar dugu. Feminismotik eraginez, denok gara askotarikoak, denok gara banako eta bakar. Aukera eta berdintasun maila beretik abiatuz, denok gara gaitasundun eta eskubidedun, haur eta nerabeak ere bai. Berdintasunak komunitate-zentzua bermatzen du.
Aukera berdintasuna bermatu behar da, eta hori benetakoa izateko, ahulenen ahotsei balioa eman behar zaie, hau da: haurrei, nerabeei eta euskarari, gure kasuan.
Ingurumen naturala eta kulturala zaindu
Gure ingurumen naturala eta kulturala ezagutzea, zaintzea eta lantzea garrantzitsua da. Herria handitzen joan den heinean, herritarron eta naturaren arteko harremana txikitzen joan da, eta horrek ondorioak ekarri ditu: gizentasuna, estresa, hiperaktibitatea… Erlazio hori berreskuratu beharra daukagu, ingurumen natural eta kulturala ezagutuz eta herrien birnaturalizazioa sustatuz.
Ingurumenari sortzen dizkiogun kalteez jabetu eta kontzientzia hartu behar dugu, baita hizkuntza eta kulturen arteko erlazioa zaindu ere. Horretarako, beharrezkoa da Euskal Herriaren kultur aniztasunean oinarritzea, kolektibo eta norbanako guztien benetako parte-hartzea aniztasun horren aitortzarekin soilik lortuko baitugu.
Komunitate sarea eta auzolana
Aipatutako guztia egiteko modua komunitatearen eraikuntzaren parametroetan ulertzen dugu, komunitatea indartuz eta sareak sortuz, herri mailako ardura gisa ulertuz.
Erakunde anitzen artean egin behar dugu bidea: haur eta nerabeak, hezkuntza komunitatea, instituzioak, eragile sozialak, norbanakoak… Parte-hartzea subjektu guztiak antolatzeko tresna baino ez da funtsean; Euskal herrian auzolanaren bidez bereziki egin izan dugun zerbait.
Eraldaketaren alde lan egingo duten herritarren parte-hartzea nahi dugu. Jendarteko kide guztiak subjektu aktibo bilakatu, eta herriko beharrei, herri mailako arduratik, komunitatetik eraikitako erantzun integralak eman.
Haurren ikuspegitik abiatuta, 0-99 adin tartean eragin nahi dugu, prozesua komunitatetik eraikiz, kolektibo guztietako pertsonen arteko harremanei garrantzia emanez, elkar zainduz, elkarrekin herria eginez.