“Ulertzen dugunean aurrean daukagun pertsona hori misterio bat dela, harreman horretan espero ez ditugun gauzak gertatuko dira”

Urtarrilaren 23an ikasturteko II. Hezitzaileen Herri Arteko Foroa egin genuen Tabakaleran. 

Herrietan martxa hartzen ari diren haurren parte hartze kanalez eta hezitzaileen esperientziez hitz egiteaz gain, Solasguneko kide den Piter Blancoren formazioa jasotzeko aukera izan genuen. “Nola akonpainatu bideratu gabe?” titulupean, herrietako haurren parte hartze kanaletan lanean ari diren hezitzaileei haurrekin lan egiterakoko orduan presente izateko gako garrantzitsu batzuk partekatu zizkien Piterrek. Formazioa eskaini ostean, berarekin hitz egiteko tarte bat hartu genuen.

Haurrekin harremantzerakoan eta beraiekin lan egiterakoan, haurra bera ikusteko modua klabea dela aipatu duzu. Zergatik?

Ez da bakarrik haurra nola ikusten duzun, pertsona bera da. Pertsona gai dela ikusten baduzu, gure harremana pertsona horrekin lantzerakoan, edo sortuko ditugun harremanak, errespetuzkoak izango dira. Baina uste baldin badugu haurra, haurra izateagatik, ez dela ezer egiteko gai, seguruenik ez diogu utziko eta guk hartuko dugu boterearen lekua: “zu ez zara gai hori egiteko, eta ondorioz, ez dizut utziko”. Ulertzen dugunean aurrean daukagun pertsona hori misterio bat dela, ez dugula ezagutzen eta elkarrengandik ikasi behar dugula nor garen, ireki egiten gara, eta harreman horretan espero ez ditugun gauzak gertatuko dira. Horregatik da garrantzitsua argi izatea haurraren ikuspuntua zein den. Kasu horretan, noski, bakoitzak bere iritzia dauka, eta agian ez dute nirea partekatzen. Batzuk haurrak etorkizuneko herritar gisa ikusten dituzte, eta oraineko herritar ez direnez, momentuz itxaron behar dute ezer egin gabe, eta nik ez ditut haurrak horrela ikusten.

Beste horrenbeste gako emateaz gain, aipatu duzu haurrekin lan egiteko metodologian jolasak izan behar duela ardatz nagusia. Zergatik jolasa?

Esango nuke norbera benetan den modukoa denean jolasten ari dela. Horregatik, uste dut jolasa garrantzitsua dela: jolasa da bizitzea, jolasa da haztea, jolasa da norbera dena espresatzea. Beraz, haurrekin lan egiten dugunean haurrek beraien iritzia edieraztea edo pentsatzen dutena esatea nahi baldin badugu, beraiekin lanean gaudenean sortu behar ditugun espazioak jolaserako espazioak izan behar dira, haur bakoitza den modukoa izateko.

Eskaini diguzun formazioak “Nola akonpainatu bideratu gabe?” zuen titulua. Hezitzaileak akonpainatu dezake haurra bideratu gabe? Posible da?

Nik posible dela sinisten dut. Hori bai, nik lortu dudan? Dagoeneko 30 urte daramatzat honetan lanean, eta beharbada batzuetan, haur batzuekin, lortu dut. baina orokorrean ez. Zergatik? Testuinguruak ez du horretan laguntzen, alde batetik, eta bestetik, kasu honetan Haurren Kontseiluak aurrera eramateko ditugun baldintzak ere, baliabide edo denbora aldetik, esaterako, ez dira helburu hori lortzeko onenak. Eta azkenik, guk, heldu bidelagunok, hezitzaile bezala, lan izugarria egin behar dugu geurekin, geure buruekin helburu hori lortzeko. Baina egia da hori ere alde interesgarriena dela: ikasten ari garela, lantzen ari garela, eta egunen batean agian hobeak izango gara hoelburu horretara bidean. 

Beste berri batzuk

Scroll to Top