Helduzentrismoa deseraikitzeko aliatuak saretzen

Euskal Herri hezitzaile bat eraikitzerako orduan, herriak saretzeaz gain, Oinherriren begirada partekatzen dugun eragileekin harremanak ehuntzea klabea da guretzat. Gaurkoan, Kortiñe, Muxikako eskola librea ezagutzeko aukera izan dugu.

Oinherrin, sorreratik, argi daukagu parte hartzea dela herri hezitzaileak eraiki eta sustatzeko tresnarik garrantzitsuena. Gure herriko haur eta nerabeak parte hartzean heztea alegia. Horretarako, haur eta nerabeen garapenean klabeak diren hiru esparru identifikatu ditugu: intimitatea, eskola eta herria. Parte hartzean hezteko, beraz, gune intimoenetik hasi eta komunitateraino, haurrek parte hartzeko aukerak sortzea dagokigu.

Kortiñe eskolan, askatasunean hezteko hautua egin dute. Haurrak, benetan, euren ikaskuntza prozesuaren protagonista bilakatzea dute helburu. Parte hartzea, egunerokotasunean, ikaskuntza testuinguruak sortzeko eta elkarbizitza eraikitzeko oinarri bihurtu dute. Horretarako, espazio autentiko bat sortu dute auzolanean. Haurtzaroaren beharrak asetzeko aukera ematen duten guneak dituzte: sukaldea, natura (basoa, haretokia, urmaela..), mugimendurako gunea, jolas sinbolikorako txokoa, dantzalekua, musika gunea… Egunerokoan, goizaren lehen zatian, haurrak haur hezkuntza, primaria eta gaztetxeko gunean banatzen dira lanketak egiteko, eta hamaiketakoaren ondoren, bakoitzak aukeratzen du zer egin nahi duen askatasun osoz. Ostiralero asanblada egin ohi dute, eskolako erabakiak elkarrekin hartzeko. Gainera, haur hezkuntzatik lehen hezkuntzarako, edo lehen hezkuntzatik gaztetxerako trantsizioa, haurrak berak prest dagoela sentitzen duenean egiten du.

Kortiñe unibertsoan, 23 urtean izandako esperientzietatik ateratako ideiak politizatzeko asmoarekin sortu dute Sarete: helduzentrismoaren inguruan hausnartzeko gunea (https://sarete13.wordpress.com/elkarhizketak/). Gaia lantzen duten mundu mailako autore eta eragile ezberdinekin batera, heldukeriearen inguruko lanketa sakona egiten ari dira.

Haurren parte hartzea sustatzerako orduan, helduon begirada da gakoa, parte hartze ko-protagoniko bat eraiki nahi bada behintzat. Haurrak ginenean, alboan izan nahiko genukeen heldu hori izatea ez da hain erraza. Heldu moduan ditugun pribilejioei uko egitea eta deseraikitzea eskatzen duelako.

Arratsalde bikaina pasa genuen, bizkotxo eta kafe goxoaren bueltan, gai hauetaz guztietaz patxadaz hizketan, inpresioak eta baliabideak elkarbanatzen. Eskerrik asko Kortiñeko lagunei, gaiaren inguruko ikuspegia zabaltzeko emandako aukerarengatik. Etxera bueltan, kotxean, bihotza eta sabela beteta, urte askotarako lagunak egin genituen sentsazioarekin itzuli ginen!

Beste berri batzuk

Scroll to Top