Helburuek komunikazioa behar dute; komunikazioak, helburuak

Urtarrileko kolaborazioa. Ane
Ane Arruti Lopetegiren ekarpenarekin kolaborazioen atala ireki dugu berriz ere. Tapuntuko kidea webgune berriaren garapen prozesuan gurekin ibili da lanean, eta komunikazioaren garrantziaz hitz egin digu kolaborazio honetan.

“Guk komunikazioaz ez dakigu ezer” izaten da askotan herrigintzatik sortutako proiektu edo elkarte askoren lehen autodefentsa adierazpena. Gugana jotzen dute zer egin galdezka eta komunikazioaz oso ideia partzial edo okerrarekin. Komunikazioa ez baita sare sozialetan bideoak igotzea soilik. Zail egiten zaie ikustea asko komunikatzen dutela, proiektura jendea batzeko, ilusioa mantentzeko eta urte luzeetan jarraitzeko egiten duten ahoz ahoko lan hori guztia, egiten dituzten bilera, deialdi, akta eta abar pilo bat ere komunikazioa direla. Asko dakite, baina gauzak ordenatzea falta zaie normalean. Konturatzea guztiak joan behar duela estrategia baten baitan, helburu garbiekin.

Ikusten dugu talde bileretan gai-ordenaren azken puntua izaten dela komunikazioa eta sarri jorratu gabe gelditzen dela denbora faltagatik. Eta ez gara ohartzen komunikazioa dela askotan puntu garrantzitsuena (zer esango dugu ba guk, karkarkar). Ados, agian ez da garrantzitsuena, baina bai antolaketaren maila berekoa. Egiten dugun lan eta esfortzua eraginkorragoa izan dadin, hasieratik pentsatu behar ditugu gauzak. Zenbat aldiz eskatzen dizkiguten eskuorriak gero nola banatu pentsatu gabe, inongo helburuei erantzuten ez dieten bideoak (horrek duen kostuarekin…) …

Oinherrik egiten duen lan guztia izugarria da, herriz herri eta baliabide mugatuekin, parte-hartzea sustatzen eta haurren heziketaren ardura (eta ez zama) guztiona dela ikusarazten. Eta galdetu genien: “Zein da zuen helburua? Zer lortu nahi duzue?”. Erantzun ziguten Euskal Herri Hezitzailea lortzea dela euren egitekoa. Helburu potoloa da, pixkanaka lortzen joango direna, baina komeni da epe laburrera helburu lorgarri eta xumeagoak jartzea ere. Zer falta zaio Oinherriri jendea edo herriak batu daitezen? Oinherri bera ezagutzea eta herrietako eragile ezberdinek ondoko herrietan egiten denaren berri izatea.  Herri batean hausnartzen ari garen hori iaztik martxan dutelako agian ondoko herrian, eta esperientzia horretatik har ditzakegulako ideiak, beraiekin hitz egin, sare bat eraiki, elkarrekin hezi eta hazi.

Hel diezaiogun ba horri. Oinherrira atxikitzen diren herriek badakite zer den? Gure marka irudiak eroso sentiarazten gaitu? Transmititzen du gure jarduna? Badago nonbait hori idatzita? Udaletxe bateko teknikariari azaltzen diogunean, badaukagu euskarriren bat (eskuorri bat, webgunerako lotura bat…) gero hark zinegotzi edo beste norbaiti erakutsi diezaion? Herriek elkarren berri izateko, badago nora jo? Esperientzia horiek badaude nonbait jasota?

Horretan ari gara eta, besteak beste, webgune honek helburu horiei erantzuten die. Ezagutu, esperientzia, jakintza eta baliabideak elkarbanatu eta saretu.

Eta bai, helburu handiak ere begibistan ditugu, badakigulako epe ez hain luzean eta bide honi jarraituta, elkarrekin Euskal Herri hezitzaile bat lortuko dugula noizbait.

Beste kolaborazio batzuk

Scroll to Top