Hasiera berri bat

Oinherrik ere 2025ean hasiera berri bat izango du. Baina ez edozein motatako hasiera, guk hasiera berri bat deitu diogu. Jada hasita zegoen, baina berriro hasiko den hasiera berri bat da hau. Azalberritze batekin gatoz Oinherritarrok oraingoan. Oinarria ahaztu gabe eta garai berrietara egokitzeko beharretik dator hasiera berri hau; gure webgune berria.

Duela hainbat urte hasi zen webgunea eraikitzen eta osatzen, momentuko beharrak eta oinarria kontuan izanda. Non hasi zen ideia? Zein Oinherriren oinarria? Horretarako eta jendartera zabaltzeko webgunea sortu zen. Aurretik geneukan web orrialdea edukiz blaitzen joan ginen eta gara urteetan zehar. Nortzuk garen, aktualitatea, martxan dauden proiektuak, Herri Hezitzaileen Sare gero eta hedatuagoa, eskaintza zehatzak, denda, podkastak baita kolaborazioak ere. Horiek hor izan ditugu gure herri hezitzailearen filosofia ahalik eta jende gehienera iritsi zedin.

Urteak pasa ahala, webgune zaharra alde batera utzi eta berriarekin ekiteko unea heldu zela ikusi genuen iaz. Sarea handituz doa eta gaur egungo beharrak ez dira ordukoak. Bagara lehen ginena, baina zerbait gehiago ere bagara, eta horrek birmoldaketa dakar ezinbestean. Horrela www.oinherri.eus webgunera salto egin dugu, oinarria inoiz ahaztu gabe. Oinarria hartu, birmoldatu, birsortu eta berrhas(z)i. Hauxe gure hasiera berria.

Ezin aipatu gabe utzi azalberritzean ondoan izan ditugun Tapuntuko kideak. Beraiek diseinatu digute, mimo eta pazientzia handiz, aurrean duzuen webgune berria. Mila esker, beraz, gure proposamenak tentuz entzun eta guretzat esplikaezina zena pantailara ekartzeagatik. Bidelagun bikainak izan zarete.

Norbanako zein kolektibo, bazkide zein sareko kide: hauxe gara gu; hau da Oinherri. Euskal Herri luze zabalean Herri Hezitzailearen Filosofia lurreratzen lanean dihardugu, eta egiten duguna hurbilagotik jaso ahal izango duzue orain. Albiste zein kolaborazioez gain, besteak beste, bazkide sustatzaile zein laguntzaileak begiratu eta kuxkuxeatu ahal izango dituzue; gure filosofia zein balioak ezagutuko dituzue; Herri Hezitzaileen Sareko partaideen proiektuak ezagutu eta elkarrekin harremanetan jarri ahal izango zarete; eta Oinherriren zein gure bazkideen baliabideak eskura izango dituzue.

On egin dagizuela!

Beste berri batzuk

Scroll to Top